SARRERAKO AZALPENA
Kaixo, ikasleok:
Hauxe da zuen taldeko irakasleok erabilko dugun bloga. Aurretik aintzanek egin zuen bezala, aurrerantzean ni izango nauzue gidari eta bertan jarriko ditut zenbait eginkizun edo lan egiteko azalpenak eta dokumentuak, baita aldian-aldian tokatzen diren oharrak ere. Dena den, ikasleok, zuen blogean jarriko dituzue bai ikastaroan zehar lantzen ditugun proiektuen emaitzak, bai zuen etxerako lanetan egiten dituzuen idazlanak (ahal duzuen neurrian, noski). Hona bloga klaserako erabiltzearen inguruko xehetasun batzuk:
- Nork bere blogean ikaskideen blogen loturak egin dituenez, blog guztien jarraitzaile bihurtuko da gutako bakoitza. Horrela, gutako edonork sarrera berri batidazten duenean, beste guztiok jakingo dugu eta ikusgai izango dugu. Gainera, nahi izanez gero, elkarren sarrerei geure iruzkinak gehitu ahal izango dizkiegu. Iruzkin positiboak esketzen dira, baina kritika eraikitzaileak eta eztabaidarako puntuak ere izan daitezke, noski.
- Bloga izango da ikastaro osoan iraungo duen "makro-proiektua" eta bloga bera lantzen ikasteaz gain, zuen idazlanen eta gainerako proiektu txikien bilgune ere izango da. Honelakoak izan daitezke proiektu txikiago horiek: bideo-dokumentalen eta power pointen itzulpenak, ikerketa txikiak (Maizpiden edo Lazkaon), antzerki-esketxen bideoak, gai bati buruzko dokumentala, idazlan edo testu baten irakurketa, poesia errezitaldi laburra, eta zuei bururatzen zaizuena re bai, noski... Auskalo zer atera daitekeen!
- Beraz, zuen blogak, ikastaroan zehar bakoitzak egindako lanaren
erakusleiho izatea nahi nuke, karpeta baten modukoa. Horrela, zuen
produkzioa gordetzeaz gain, ebaluaziorako lagungarri eta auto-ebaluaziorako tresna ere izan daiteke.
- Idazlanak birpasatzeko ere erabiltzen saiatuko gara, hau da, irakasleak zuzenketak paperean egin ondoren , zuek pasarte okerrak berridatzi eta moldatuta, blogera igotzea izan daiteke prozedura egokia. Horrela, akatsak lantzeko bidea egin dezakegu.
- Idatzitako sarrerak ez ezik, ahozkoak ere sartzen saiatuko gara. Bakoitzak 5-10 minutu arteko gai baten azalpena prestau eta bideoan grabatzea proposatzen dizuet.
- Azken oharra. Zuetako bakoitzaren lana da bloga erabiltzea eta elikatzea. jaten ematen
ez badiozue, goseak egongo da, ahuldu egingo da. Baliteke bazka
eskatzeko negarrez eta garrasika hastea ere... Kasurik okerrenean,
oinaze handia pairatu ondoren, goseak hiltzera ere irits daiteke. Eta
hori gertatzerik zuk ez zenuke nahi, ezta?