1. BETIKO ARAZOAK
ZER ESAN?
Batzuetan ez dakigu zer esan, beste batzuetan aldiz, badugu zer esan, baina zaila egiten zaigu esan nahi dugun hori testura moldatzea; alegia, idatzizko komunikazioak dituen “arauetara” moldatzea. Horregatik, ariketa batzuk egitea komeni izaten da horretan trebatzeko. Hala, zeresana biltzeko trebetasuna ez ezik, bat-batekotasuna ere garatu ahal izango dugu. Horretarako, ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta ideia-multzorik handiena biltzen saiatu beharko dugu idazketaren lehen pauso nagusia eraginkortasunez betetzeko, prestakuntzarena, hain zuzen.
Informazioa biltzeko aholkuak:
- Ekarri gogora gaiari buruz irakurri dituzun artikuluak, ikusitako erreportajeak, entzundako iritziak… Izan ere, hein handi batean zeresana aukeratzeak dokumentazio-lanarekin zerikusirik badu eta.
- Osatu galdera multzoa buruan dituzun ideia horiek biltzeko. Ez hasi erantzunetatik, ondoren baztertuko dituzu erantzuten zailak zaizkizun galderak.
- Idazki guztietan badira zenbait puntu edo aztergai sakonki garatu ez baina aipatu, aipatu egiten direnak gaiaren nondik norakoa borobiltzeko; horiek ere behar ditugu idatzizko testua osatzeko, ez itzazu gutxiets; izan ere, puntu mamitsuak bezain garrantzitusuak dira testuaren harian.
- Adibideak, datuak, pasadizoak, iritziak… ere oso interesgarriak dira testuan garatzen ditugun puntuak hornitzeko. Horiek ere badira zeresana.