2012/03/22


MAI GOROSTIAGA:  CLOWN ETA ANTZEZLEA


SARRERA:

“Publikoari aurre egiteko, pailazoak urteak eta urteak lanean aritzen dira. Hala ere, kutxa berritik ateratako pailazoen sudur gorriak  bere botere osoa dauka” Enrique Enríquez.

Maizpideko bi ikaslek asteartero, afaldu bezain pronto,  barnetegitik alde egiten dute Clown ikastaro batera joaten direla esanez. Baina zer demontre da CLOWNA?

Kasualitatez, euren irakaslea hemengo ikasle ohia da: Mai Gorostiaga.
Clownari buruzko zalantzak berari galdetu dizkiogu. Bere erantzunak eta irizpideak  ondoren eskaintzen dizkizuegu:



1.- Zenbat urte daramazu clown egiten? Nola hasi zinen?

Txikia nintzenean nire aitarekin urtero ateratzen nintzen karrozatan Tolosako Inauterietan. Jaio nintzenean aitak txotxongilo emanaldi bat egin zuen auzoan niri ongietorria emateko. Amak ipuinen eta istorioen bidez fantasiaren mundua erakutsi zidan eta errealitatearen beste aldeak ere bai.
Beti ari nintzen mozorrotzen, imitatzen, antzezten… Gurasoek zera esaten zidaten:
-Zuk zer uste duzu, Inauteria urte osoan dela edo zer?
-Ba, bai!!! –Erantzuten nuen nik.
Orain antzerkia  nire pasioa, nire lanbidea eta nire bizimodua da;beraz ,argi eta garbi daukat inauteria urte osoan dela.
Antzerkia ikasten hasi nintzenean Clown egiten genuen konplementu gisa. Hor hasi nintzen sudur gorrien abenturak ezagutzen.

2.- Zure iritziz clown izatea… zer da?

Bizirik egotea.

3.- Edonor izan daiteke clown?

Guztiok gara Clown. Asko ez dira konturatzen, baina gure clowna barruan daukagu. Zera gertatzen da: Altxor hori bizitzan pixkanaka pixkanaka ezkutatzen dugu da altxor hori gizarte kontaminatu batean onartuak sentitzeko.

4.- Zer aukera dago Euskal Herrian clown arloan sartzeko?

Orain aukera gehiago dago. Zorionez Ohiulari Klown eta beste aitzindari batzuek egindako lana bere fruituak ematen ari da. Gaur egun, kultur agenda bat begiratzen badugu ez da arraroa Clown ikuskizun batekin aurkitzea. 
Guk, adibidez, PAILAZTANA Clown Taldea sortu dugu eta astero elkartzen gara pailazoen munduan sakontzeko.

5.- Clown izatea zaletasuna bakarrik al da edo badago hortik bizitzerik?

Nik “hortik bizitzerik” esan beharrean “horretarako bizitzea” edota “horregatik bizirik egotea” esango nuke. Zer edo zer grinaz egiten baduzu ez duzu  zure bizitza hori gabe ulertzen.

6.- Zein alde dago, ezagutzen ditugu pailazoen eta clownen artean?

Nahiz eta askotan lanagatik fisikoki ez garen hainbeste elkartzen, nire ustez, gure bihotzak beti konektatuta daude nola edo hala. Eta gure sudur gorriak  konexioaren antenak dira, noski.

7.- Clownek, zergatik daramate sudur gorria? Zer esan nahi du horrek?

Sudur gorria maskara txikiena da. Ez da derrigorrez gorria izan behar baina Clownak beti erabiltzen du maskara bat. Nire ustez interruptore batek bezala funtzionatzen du gure betiko ohituretatik ateratzeko eta emozioen munduetan sartzeko. Sudur gorria jarritakoan… Klik! jada ez dago ezer ezinezkoa.

8.- Jesus Jararen arabera, clown izatea, emozioen nabigatzailea izatea da, zer esan nahi du horrek? Zu bat zatoz baieztapenarekin?

Erabat ados. Gure emozioekin bidaiatzen ikasten badugu gure bizitza etengabeko oporraldi bihurtzen da. Baina oporrak bizitzarekin konektatzeko eta ez deskonektatzeko, normalean esaten dugun bezala.

9.- Maizpiden, antzerki irakaslea izan zinenean, zer geratu zaizu gogoan? Nolako eskarmentua izan zenuen?

Nik esan dezaket euskara ikasi dudala antzerkiari esker. Beraz Maizpiden ikastaro bat ematea oso berezia izan da niretzat, lehen pertsonan ikusi dudalako zein handia den antzerkiaren magia edozein gauza ikasteko, eta batez ere hizkuntza bat ikasteko.
Maizpiden  antzezten ere aritu naiz, eta San Benito Ikastolako antzerki ikasleekin kurtso bukaerako lana eskaintzen ere bai. Bisita guztiak bereziak izan dira eta nire gogoan sensazio polit batekin gordetzen ditut.

10.- Zer gustatuko litzaizuke egitea etorkizunean?

Zer da etorkizuna? Clownak ORAIN bizi gara!!! Eta orain nire indar guztiak INTUJAI TEATRO proiektuan daude sartuta. BEATRIZ LARRAÑAGAK eta biok proiektu hau sortu genuen antzerkia ereiteko, polinizatzeko eta loratzeko. 

11.- Besterik esan nahi duzu?

Eskerrik asko zeure galderak erantzuten uzteagatik. Ohore bat izan da.
Besarkada bat eta CLOWN EGIN!!!




DEKALOGOA


  1. Sufritu, ez. Gozatu, bai.

  1. Jolasten dut; Beraz, bizirik nago.

  1. Egiten dudan guztia 100% ematen dut, grinaz egiten baitut.

  1. Sentitzea eta adieraztea dira nire arauak.

  1. Bat-batakotasuna maite dut, entzutea eta onartzea berekin dakar eta, gainera, pertsona sortzileagoa egiten nau.

  1. Emozioak eta zailtasunak gustatzen zaizkit, haiek gabe ez naiz-eta.

  1. Zerbait ondo ateratzen ez zaidanean, lortzeko zorian egon naizela pentsatzen dut.

  1. Neure baitako hoberena naiz, ez perfekzioa lortzeagatik, baizik eta neure buruari dena egiteko baimena ematen diodalako.

  1. Nahiz eta pertsona akatsduna izan, jendeak maite nau.

  1. Nigan dena da edertasuna, xarma eta egia.



No hay comentarios:

Publicar un comentario