2011/11/02

Ebro, Nafarroa Garaian

2011-11-01

Ebro ibaiaren bizilagunak

Ebro ibaiak Nafarroa garaian egiten duen bideari eta haren inguruan bizi den jendeak ibaiarekin duen harremanari buruzko dokumentala kaleratu dute Nafarroako Gobernuak eta Crana fundazioak.
Irene Arrizurieta Iruñea
Ebro ibaiaren ur harrotuak, Tuterako zubi azpitik pasatzen.


Tuterako alde zaharra urez gainezka, 2007an. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ni, Ebro dokumentalak Ebro ibaiak Nafarroa garaian egiten duen bidea kontatzen du. Ibaiaren inguruko ondare naturala, materiala eta ez-materiala aztertzen ditu bideoak. Nafarroako Gobernuak eta Crana fundazioak finantzatutako lana da, eta Labrit Multimediak egina. Dokumentalean, ibaiarekin zerikusia duten 21 lagunen testigantzak ageri dira. Lanaren helburu nagusia ibaiarekiko errespetua, ezagutza eta sentsibilizazioa bultzatzea da. Erriberarrak kontzientzia hartzea nahi da.

Ebro ibaiak Iberiako Penintsulako 930 kilometro egiten ditu, Kantauri mendilerroko Tres Mares menditik Mediterraneoko itsasoraino. Bidean, 342 ibaik eta 105 ur emarik elikatzen dute. Nafarroa Garaian, 107 kilometro egiten ditu: Castejon herrian hasi, eta Corteseraino joaten da. Tarte horretan egiten duen ibilbideaz mintzatzen da bideoa. Baina ibaia ez da pasatzen paisaiatik soilik; iragaten da jendearen memoriatik ere, eta ibaiari lotuta daude, horregatik, haren ertzetan bizi diren herritar askoren oroitzapen eta bizipenak. Hartu emaneko harremana da Erriberako jendearen eta ibaiaren artekoa. Ibaiarengan eragiten du jendearen zereginak, baina baita Ebrok jendearengan ere.

Hogeita hamabost minutukoa da dokumentala, eta ibaiak bere historia kontatzen du, lehen pertsonan. Ebro ibaia pasatzen den Erriberako herrietako 21 lagunek ere kontatzen dute ibaiarekin izan duten harremana. Arrantzaleak, ur banatzaileak, lixiba egitera joaten ziren emakumeak, pontoi zainak, txalupa zainak, nekazariak eta besterik gabe ibaiaren ertzean paseoan gozatzen dutenak mintzatzen dira. Finean, ibaiak igarotzen den Erriberako herrientzat izan duen eta duen garrantzia kontatzen da. Dokumentalak ez ditu ahazten ibaiaren uretan edo urari esker bizi diren beste bizidunak ere. Izan ere, fauna eta landareria aberatsa gordetzen ditu bere uretan eta ertzean. Ibaiak bere ibilbidean sortu duen azpiegitura zabala ere zerrendatzen da: zubiak, presak eta ubideak.

Ibaia bizibide

Erriberan ibaiak izan duen garrantzia nabarmendu da lanean. Zeharka edo zuzenean bertako biztanleengan eta inguruko paisaian izan duen eragina. Horregatik, bere inguruan bizi den jendearen hitzen bidez ere mintzo da Ebro ibaia dokumentalean. Haren ertzetan bizi direnen oroitzapenen bitartez.

Ibaia bizibide izan duten hainbaten lekukoak agertzen dira, tartean Jose Lamana Patolea Tuterako arrantzalea. «Lau familia bizi ginen Ebro ibaitik ateratzen genuen arrantzatik». Murchante, Corella eta Cascanteko herrietara saltzen zituen ibaian arrantzatzen zituen aingira, barbo eta loinak. Baina aingirarik apenas dagoen orain Ebron, eta barboak jada ez dira bizilagun ugarienak, eta siruloekin eta zamoekin leihatu behar dute. Arrantzaleak ez ezik, ur banatzaileak ere izan ziren ibaian. Jesus Edrado Fustiñanako bizilaguna etxeetan urik ez zegoen garaietan ura Ebrotik garraiatzeaz bizi izan zen. Tausteko ubidetik gertu zeuden etxeek ez zuten beharrik, baina herrian bizi zirenek bai. Zaldi gurdian 120 litroko ur treskak hartuta, ibaitik herrira joan-etorrian ibiltzen zen. «Bost edo sei pezeta kobratzen zen ur treska bakoitzeko», gogoratu du.

Buñuelgo Josefina Bordonabak bere aita zenaren lanbidea du gogoan. Aita herriko txalupa zaina zen, eta Ebro zeharkatzen laguntzen zuen jendea. «Bardeara edo soroetara lanera zihoazenak pasatzen genituen; arrantzaleak eta erronkariarrak ganaduarekin ere bai. Ebro nire bizitza izan da, eta izanen da».

Ibaia hainbat espezieren bizileku ere badela gogorarazten du dokumentalak. Ibaian zehar dauden ibar basoen aberastasunaz ere mintzo da. «Espezie askoren babesleku dira, oso aberatsak dira faunan zein landarerian. Ehun urtetan formaz eta espeziez alda daitezke», dio Elvira Aierra biologoak. Gizakiaren eraginez, haren uretan bizi diren edo bizi ziren bertako espezieen zori gaiztoa ere bada hizpide. Ebrok bost txirla mota lekutzen ditu, baina bertakoak diren gaiztakak eta margaritiferak galtzear dira, eta kanpotik gizakiak ekarritako asiarra da gehien ugaldutakoa orain. Zebra muskuilua eragiten ari den ondamendia ere aipatzen da.

Dokumentala euskaraz zein gaztelaniaz ikus daiteke ondoko helbidean: http://vimeo.com/ 31073667. 1.500 kopia kaleratu dira, eta Caixaren eta CRANAren bidez banatuko dira. Jada aurkeztu dute Tuteran, eta Ni, Ebro dokumentala Erriberako beste hainbat herritan emanen dute heldu den egunetan. Bihar Ribaforadan eskainiko dute; hilaren 8an Cortesen; eta 15ean Castejonen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario