2011-11-25
Mendia
«Izotzezko infernua da Antartika»
Vallejok hartutako sustoa, haizerik eza, hotza... oztopoz betetako egunak izan dituzte Antartikako aurrenak
Ekaitz Agirre
Juan Vallejoren lera erori zen pitzadura, goiko argazkian; kanpalekua prestatzen, beheko irudian. / TRANSANTARTIKA 2011
Izotza eta hotza bidelagun izango zituztela jakinagatik, gogorra egiten ari zaie Antartikako zeharkaldiaren lehenengo zatia Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzari. Egunotan bizitakoak lau hitzetan bildu ditu Vallejok: «Izotzezko infernua da hau». Haizeak eragotzi die pentsatutako abiadan aurrera egitea. Haizerik ezak, hobe esanda. Izan ere, etenik gabeko malda gora dute zeharkaldiaren aurreneko zatian, Antartikako plateau edo ordekara iritsi arte, eta haizerik ezean 170 kiloko leretatik tira egiteko kometen laguntzarik ezin dute baliatu.
Asteazkeneko eguna izan zen horren adibidea: hamazazpi kilometro osatu zituzten, zortzi orduan. Hilaren 16an Novolazarevskaia basetik irten zirenetik ehun kilometro pasatxo egin dituzte, bederatzi eguneko zeharkaldian. Uste baino mantsoago doaz, baina oraindik ere epeen barnean.
Vallejok hartutako sustoa
Eta oztopoen artean Vallejok hartutako sustoa izan da bestea. Pitzadura batera erori zitzaion 170 kiloko lera; 30 metroko arrakalan behera joan zitzaion, eta Vallejok nola edo ahala eutsi zion orekari, leraren atzetik ez erortzeko. Lerari lotzen zuen soka moztu zioten taldekideek, eta orduan hartu zuen arnasa lasaiago Vallejok. «Albertok soka moztu zuenean sekulako kolpea hartu zuen lerak pitzaduran behera; 30 edo 35 metro erori zen. Mikel jaitsi zen zuloan behera, eta lera errekuperatu genuen», azaldu zuen Vallejok asteartean gertatutakoa. Eta eskerrak. Lera errekuperatu ezean, nekez jarraitu ahal izango zuketen zeharkaldia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario