2011/10/13

ARIKETA. Irakurriaren ulermena

Pintxo-poteorako aukera Gipuzkoan barrena

 Gasteizen urteetan bizirik egon den ohitura da pintxo-poteoa, 1€ edo 1,50€-ren truke edaria eta pintxoa, biak, eskaintzen duen promozioa. 2008 urte amaieran.
Arrasateko ostalariek herriko giroa bizitu nahi zuten, eta ekintza edo promozioren bat egitea bururatu zitzaien. Azkenean, Gasteizko ideia aproposa zela iruditu zitzaien eta martxan jarri zuten. Eztabaidak izan ziren prezio eta egunaren inguruan. Baina, duela urte batzuk ostegunetan egoten zen giroa kontuan hartuta, eta upeltegiekin prezio eta eskaintzak adostu ostean, ostegunak aukeratu zituzten euro baten truke pintxo bat eta ardo ondu bat eskaintzeko. Zirkuituko tabernak: Dublín, Iturrioz, Hotel Mondragon, Lora, Monte, Restaurante Hilarión, Zuk Nahi, Lorategi...
Promozioak herrian izan zuen arrakasta ikusita, garagardoa ere euro batean eskaintzen hasi ziren, baita cava ere egun berezietan. Gaur egun, finko mantendu dute cava pintxo-poteoan. Ordutegia 18:00etatik 21:00etara bitartekoa da, baina askok, eskaintza bukatu arren, gauera arte luzatzen dute euren pintxo-poteoa.
Atsedena ere behar du pintxo-poteoak. Abuztuan eta Aste Santuan ez dute promozioa eskaintzen, baina, gainontzeko hilabeteetan ez diote ostegunetako hitzorduari hutsik egiten.
Hasieran, helduak ziren kalera irteten zirenak. Baina, azken urtean, gazteak ere gehitu dira ekimen honetara eta, gaur egun, adin guztietako jendea aurki daiteke pintxo-poteoan.
Arrasaten soilik ez
Arrasaten izandako arrakasta ikusita, tabernari askok berehala ezarri zuten promozioa beraien herrietan. Krisiari aurre egiteko modu egokia da eta, bide batez, herrietako giroa hobetzen da. Herri bakoitzak bere modura ezarri du promozioa: batzuek eguna aldatu dute, beste batzuek, aldiz, prezioa.
Lehenengo, Arrasate ingurura zabaldu zen ekimena; Bergarara, Aretxabaletara eta Eskoriatzara. Baina, aitzindariari konpetentzia zuzena ez egiteko, aldaketa txiki batzuk egin dituzte. Aretxabaletan, esaterako, asteazkenetan egiten dute eta zortzi tabernek eskaintzen dute promozioa. Bergaran, prezioa aldatu dute, 1,50€an eskaintzen dute edaria pintxoarekin, eta sei taberna gehitu dira ekimenera.
Baina pintxo-poteoa ez da herri horietara soilik mugatzen. Irun, Lazkao, Beasain eta Donostiako Amara auzoan ere nahi izan dute kalea girotu eta jendea kontsumitzera animatu. Irunen asko dira parte hartzen duten tabernak -27 taberna, hain zuzen ere-, eta osteguna aukeratu dute, baita Beasain, Lazkao eta Donostiako Amara auzoan ere. Donostian, oraingoz auzo bakar horretan erabaki dute pintxo-poteoa egitea eta soilik bi tabernatan aurki daiteke edaria eta pintxoa 1,50€ren truke, Jaizkibel eta La Bodeguilla tabernetan, hain zuzen ere.
Kostaldean, garestiago
Kostaldera ere iritsi da pintxo-poteoa. Zarautz eta Orio animatu dira, baina herri hauek asteazkena aukeratu dute kalea girotzeko, 1,50€ko prezioarekin, ostalarien artean adostu ostean. Zumaiak ere azken hilabeteetan parte hartu du ekimen honetan, baina honek Arrasateko ohiturak mantendu ditu eta ostegunetan eskaintzen du promozioa. Orion zazpi tabernak hartu dute parte; Zarautzen eta Zumaian, berriz, gogoz hartu dute pintxo-poteoa; Zumaian, hamahiru gehitu dira eta Zarautzen, hogeita hamasei.
Oñati izan da ekimen honetara gehitu den azkeneko herria. Ekainaren 16an, ostegunarekin, izan zen bere lehen eguna pintxo-poteoan. Ostegunero egitea erabaki dute, arratsaldeko 19.00etatik 21.00etara. Oraingoz, ondorengo taberna hauek egin dute apustu pintxo-poteoaren alde: Arkupe, Oñati, Arrano, Aloña-mendi, Galicia, Boga, Iturritxo, Boise eta Otamendi.
Baina, badira pintxo-poteoa lasaiago hartu nahi izan duten herriak ere eta soilik hilabete batzuetan egitea erabaki dutenak. Esaterako, Ermuan martxoaren 31tik maiatzaren 31ra arte eskaini zuten promozioa.
Lanetik atera eta lagunekin biltzeko aukera ona da. Jendea ostegunetan asteburua iristeko gogoz egoten da eta hori nabaritu egin da. Tabernari askok azaldu dutenez, azkenaldian kaleetako giroa murriztuta zegoen eta ideia hau aproposa izan da herrietako bizitasuna berpizteko, baita krisiari aurre egiteko ere.


Testua irakurri ondoren, esan ondoko esaldiok EGIA ala GEZURRA diren:
  1. Iaz jarri zuten abian Gasteizko tabernek pintxo-poteoaren ohitura.
    EGIA
    GEZURRA

  2. Promozio honi esker, euro baten truke pintxo bat eta freskagarri bat har daitezke.
    EGIA
    GEZURRA

  3. Arrasaten Gasteizen bezalaxe, cava ere eskaintzen dute pintxoarekin batera.
    EGIA
    GEZURRA

  4. Arrasateko taberna batzuek garagardoa eskaintzen dute pintxoarekin batera.
    EGIA
    GEZURRA

  5. Promozioak etena izaten du urteko zenbait garaitan.
    EGIA
    GEZURRA

  6. Gazte nahiz heldu aritzen dira pintxo-poteoan.
    EGIA
    GEZURRA

  7. Gipuzkoako barrualdeko herrietan bakarrik dago pintxo-poteoaren eskaintza.
    EGIA
    GEZURRA

  8. Zenbait herritan, urteko hil batzuetara mugatu da pintxo-poteoaren eskaintza.
    EGIA
    GEZURRA

  9. Ekimen honi esker, kaleetako giroa murriztu egin dela azpimarratu dute tabernariek.
    EGIA
    GEZURRA

  10. Pintxo-poteoa krisiari aurre egiteko irtenbidetzat hartu dute tabernari batzuek.
    EGIA
    GEZURRA

1 comentario: