2011/10/31

Munduak 7.000 milioi biztanle ditu


BERRIA. ILARGI AGIRRE
Munduak 7.000 milioi biztanle ditu
Filipinetan jaio da 7.000 milioigarrena. Bizi-itxaropena luzatzeak eragin du nagusiki biztanleriaren hazkundea. Aurreikuspenen arabera, munduan 8.000 milioi pertsona izango dira 2024an.
Pertsona bakoitzak bere ametsak, arazoak eta beldurrak ditu, eta norberarenak izaten dira garrantzitsuenak, ingurukoenen aldean. Baina bizitza bakar baten balioa hutsala da planeta osoko demografiarentzat. Zifra borobila lortu da, munduak 7.000 milioi lagun baititu. Gaur heldu da zifra horretara, Filipinetan ume bat jaiota —Danica Camacho Dalura—.
Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtseko zuzendari Babatunde Osotimehinek azaldu duenez, markak "arrakasta" adierazten du batetik, jendearen bizitza gero eta luzeagoa eta osasuntsuagoa delako, baina, aldi berean, "erronkak" ere hartzen ditu barnean. 2011ko munduko biztanleriaren egoera izeneko txostenak mundua definitzen duten azken joerak aztertzen ditu, eta egoera berriak eskualderik txiroenetan eragingo duela dio. Lana egiteko, bederatzi herrialde hartu dituzte kontuan: Txina, Egipto, Etiopia, Finlandia, India, Mexiko, Mozambike, Nigeria eta Mazedonia.
Biztanleriaren hazkundea hainbat faktorerengatik gertatu da. Bizi-itxaropenak gora egin du: 1950ean 48 urtekoa zen, eta XXI. mendearen hasieran 68 urtekoa, eta haurren heriotza tasak nabarmen egin du behera. Baina paradoxa bat ere antzeman dute txostenaren egileek: gero eta gizaki gehiago dago, baina askoz ere haur gutxiago jaiotzen da.
Nolanahi ere, biztanleriaren gorakadak ez du arazorik sortuko espazioari dagokionez, guztientzako lekua baitago Lurrean. Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtseko Biztanleriaren eta Garapenaren arloko dibisio teknikoaren arduradun Jose Miguel Guzmanek adierazi duenez, "baliabideak" dira arazo nagusia. Horren aurrean, "orekari eutsi beharra dago, erabilgarri dagoen uraren, elikagaien produkzioaren eta sortutako energiaren artean". Eta hori "aurrerapen teknologikoen" bidez egin daitekeela gaineratu du.
Askotariko egoerak
Klima aldaketaren arazoa ere aztertu dute txostenean. Guzmanen arabera, "garapen iraunkorrarekiko" ikuspegi orokorrago bat behar da baliabideen eta biztanleen artean; "estres zantzuak" nabari baitira dagoeneko. "Baliabideak eta aukerak amaitzen ari zaizkigu", adierazi du. Gizakiaren "egokitze gaitasuna" une itzulezin batera irits daiteke.
Hainbat erronka ere aipatzen dira. Erronkarik handiena txiroen eta aberatsen arteko aldea murriztea da, gero eta handiagoa baita bi sektore horien artean sortu den amildegia.
Horretaz gain, herrialdeen arteko ezberdintasunak ez ezik estatu barnekoak ere aintzat hartu dituzte lanean. Izan ere, biztanleriak marrazten duen panoramak "aniztasuna" du ezagugarri nagusi. Herrialde batzuek jaiotze tasa altua dute, baina beste zenbaitetan gobernuak biztanleriaren hazkundea bultzatzeko neurriak hartzen ari dira; oso jaiotza tasa baxua baitute. Leku batzuetan, eskulan faltak sortutako hutsunea etorkinekin betetzen dute, eta, besteetan, atzerrian bizi diren herritarrek bidalitako diruarekin egonkortzen dute ekonomia.
Migrazioari dagokionez ere bi norabide antzeman dituzte: hirietatik herrietara alde egiten dutenak eta alderantziz joaten direnak. Lehendabizikoan lanpostu asko daude, baina "bizitzaren kostua altua" da, eta bigarrenean, aldiz, prezioak merkeagoak diren arren, "oinarrizko zerbitzuak" eta lanpostuak falta dira.
Emakumeei eta gizonezkoei dagozkien eskubide eta aukerei ere begiratu diete; eta "berdintasuna" gauzatzeko urratsak egin behar direla azpimarratu dute.
Era berean, garrantzi berezia eman diote ugalketari dagozkion osasun zerbitzuak eskaintzeari, batez ere familia plangintzari. Hori horrela, garapen bidean dauden herrialdeak jartzen ditu jomugan, leku horietan biztanleriaren igoera handiagoa izaten baita ekonomia hazkundea baino.
Mundu osoa astintzen ari den krisi ekonomikoa ere jorratu dute. Guzmanek adierazi duenez, "krisia zalantzan jartzen ari da herrialde garatuek garapen bidean dauden herrialdeei ematen dieten laguntza". Baina krisiak "denboraldi" batekoak izaten dira; aurre egin beharreko erronkak, ordea, "egiturazkoak dira, eta epe ertain eta luzekoak".
Biztanleriaren bilakaerak hazkunderako joerarekin jarraituko du etorkizunean ere. Aurreikuspenen arabera, munduan 8.000 milioi pertsona izango dira 2024an, eta 9.000 milioi pertsona izatera iritsiko da 2045. urtean. 1930etik gaur egunera bitartean, azkar, abiadura bizian hazi da munduko biztanleria. Urte hartara arte, ordea, mantsoa izan zen igoera. 1800. urtean 1.000 milioi pertsona bakarrik bizi ziren munduan, eta 1930ean 2.000 milioira igo zen zifra.

1 comentario: