Gutxienik hamar bat galdera biltzeko arazorik izaten ez duzunean, ideia mordoska bat izango duzu idatzia osatzeko. Baina gerta dakizuke idazten hasi eta oso lerro gutxi betetzea atera dituzun ideia “mamitsu” horiekin. Zeure buruari ari zarelako edota irakaslearentzat ari zarelako gertatzen da hori. Idazlearen rola hartzen baduzu, ordea, konturatuko zara ideiak ez dituzula behar bezala garatu, oso adierazpide trinkoa duzula.
Gure idazlanaren hezurdura mamiz hornitzen ahalegindu nahi dugu atal honetan, hots, aukeratu ditugun ideia horiek garatu egin beharko ditugu aditzera eman nahi dugun hori ulergarri egiteko. Hala izanik, kontuan hartu behar dugu ZERESANA hartzaile edo irakurle jakinari zor diogula: norbaiti zuzentzen gatzaizkio eta komunikazio-xede jakina dugu. Hortxe legoke gure idazteko zailtasunaren gakoetako bat; alegia, irakulearengan pentsatu, oso zaila baita ezerezari ezer komunikatzea.
Ideien garapenerako aholkuak:
Ideien garapen borobilagoa egiten laguntzeko idatzizko komunikazioaren ondoko bi osagaiok finkatzeak lagundu egingo dizu:
- HARTZAILEA: Pentsatu behar duzu zure idazlana irakurriko duenak zuk gaiari buruz esango diozuna ezagutu nahi duela. Beraz:
. Mamiaz izango du jakinmin, ez da zure hizkuntza maila neurtzen arituko
. Ez eman gauzak jakintzat, informatu guztiaz.
Hau kontuan hartzen baduzu, zure idazlanak “naturalagoak” izango dira.
- HELBURUA: Erabaki idazten hasi aurretik zein helburu duen zure idatziak, alegia, zer den, oro har, gaiari buruz komunikatu nahi duzuna. Helburu bat finkatzeak zure idazketa-ariketa koherenteago egiten lagunduko dizu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario