2011/10/18

ESLOVENIA, ALPEEN ITZALEAN

Irakurri Esloveniari buruzko testu hau. Ea zeuk ere sortzen duzun beste testu bat ongi ezagutzen duzun herrialderean batena. Bestela zeure hiriaz idatzi.

Eslovenia, Alpeen itzalean
Zenbakia: 493763
Maila : 2. maila
Egilea: Jesús Torquemada
Data: 2011/02/08

Jugoslavia osatzen zuten errepublikak sei ziren, eta jugoslaviar izaeratik gutxien zuena Eslovenia zen. Belgrad hiriburuaren aldean gertuago zeuzkan bai Viena, bai Venezia. Esloveniak Europaren erdialdekotzat zeukan bere burua, eta Austriarekin eta Italiarekin beti izan du harreman joria kulturari eta salerosketei dagokienez. Beraz, Jugoslaviatik banandu zen lehen errepublika izan zen. 1991n izan zen, eta era baketsu antzean, Jugoslaviaren aurkako gerrak apenas 10 egun iraun baitzuen. Askozaz ere independentziarako gerra luze eta odoltsuagoak jasan zituzten Kroazian, Bosnian eta Kosovon.

Europaren erdialdeko sentitze hori Ljubljanan nabaritzen da gehienbat, Esloveniaren hiriburuan alegia. 300.000 biztanleko hiri honetan, bostetik bat ikasle da, eta horrek giro berezia ematen dio hiriari. Era askotako kultura-ekitaldiak izaten dira, jendea txirrinduan dabil batetik bestera, kaleko ikuskizun ugari dago une oro, eta jendaurreko musika gauez hainbat tabernatan. Udan, alde zaharreko eta Ljubljanika erreka-bazterreko tabernetan terraza ugari aurkituko ditugu, eta aukera ona da zerbait
hartzeko kandelen argira.

Arkitekturan Vienakoaren eragina du Ljubljanak. Gutxixeago Pragakorena, nahiz eta baduen antzik: Eslovenia 600 urtez Austria-Hungariako inperioaren menpe egon izanaren seinale. Lurrikara batek hiriburuaren puska bat suntsitu zuen 1895ean, eta garai hartako arkitekto ospetsuenetako bat, Joze Plecnik, arduratu zen berreraiketaz. Beste hiri batzuetan eraikin garrantzitsuak politikarien eta militarren omenez jasotzen dira, Ljubljanan ez bezala. Bertako poeta nazionala da France Preseren, eta hiriaren erdian estatua bat du omenaldi gisara. Poeta Julija emakumeaz zegoen maitemindua, eta berari eskaini zizkion bere poemak. Julijaren estatua ere hantxe dago, poetarenetik gertu, leiho batetik begira.

Alde zaharra oinezkoentzako dago jarria, harriztatuta, bisitarientzat atsegingarri. 1901ean eraikitako Dragoien Zubitik hasita muino batean dagoen XVI. gizaldiko gazteluraino joan gaitezke.

Esloveniak tamainaz 20.000 km2 ditu, eta 2 milioi biztanle, beraz, Euskal Herriaren antzeko da. Paraje asko ere hemengoak bezalakoxeak dira, baina hura Alpeen itzalean dago, eta mendiak kozkorragoak dira. Beraz, mendiari lotutako kirolak egiteko, espeleologia eta eskia adibidez, toki aproposa da. Maribor hiritik hurbil dago Pohorje, eski-estaziorik onena: eski zaleen gozamenerako gauez ere uzten dute eskiatzen. Eskiatzaileek argi-marra bat osatzen dute beherakoan lastargiekin. Eskia atsegin dutela ondo asko nabaritzen da nazioarteko lehiaketetan. Bertako kirolariak hortxe dabiltza beti, lehen postua zeinek lortuko. Eski-tranpolinean ere aritu zaleak dira, eta Planicakoan mundu-errekor bat baino gehiago lortu izan da.

Gainerakoan, eskalatzen, mendi-zintzurrak jaisten, piraguan ur lasterretan ibiltzen, ibaietan arrantzan, horiek guztiak ere ikus daitezke Esloveniako Alpeetan.

Kobazuloak ere apartak ditu Esloveniak, eta mordoxka. Postojnakoa oso ezaguna da, estalaktita eta estalagmita erraldoiak ditu, baina aukeran jende gehiegi biltzen da batzuetan ikustera. Ikusgarriagoa da ordea Skocjangoa, lurrazpiko amildegiaren gaineko zubitxoari esker, besteak beste.




Alpe inguru hori txundigarria da, eta bazter asko du zein baino zein ederrago. Argazkietan gehien ateratzen dena, merezi duelako, Bled da, Alpeak atzean eta aintzira alboan duen herrixka. Herri honetan dena dago bere lekuan: Erdi Aroko gaztelua muinoan, uhartean eliza barrokoa, aintzirari itzulingurua emateko bidexka, eta mendi-kiroletan aritzeko aukera ugari. Horixe da Bled. Hurbil bada beste aintzira zoragarri bat, hala ere: Bohinj. Zein baino zein ikusgarriagoa da eta Esloveniarrak ederragoa zein den erabaki ezinik dabiltza.

Esloveniak gutxi zera du, itsasbazterra. Hondartzak nahi dituenak hobe du hegora jo, Kroaziara. Baina, kostako herrixken xarma guztia duten bi badira Eslovenian: Koper eta Piran. Veneziarrek horrelako kaidun herri asko eraiki zituzten Adriatikoko kostaldean barrena.

Europar Batasunekoa da Eslovenia 2004az geroztik, eta 2007az geroztik euroa darabilte. Antzinako Europa sozialista horretan bera izan zen lehena euroa onartzen. Jugoslavia desegin ondorengo beste sei herrialdeek (Kroazia, Bosnia, Serbia, Mazedonia, Montenegro eta Kosovo) luzerako dute Europar Batasunean sartu aurretik (horretarako negoziaketan ari den Kroazia ez beste) eta euroa erabiltzeko baimena izan dezaten.

Hiztegia:

* ALBOAN: Aldamenean. Al lado. À côté.
* ANTZ: Itxura. Semejanza. Similitude.
* ARITU ZALE: Zaletu. Aficionado/a. Ami/e de.
* ASKOZAZ ERE: Askoz ere. Mucho más. Beaucoup plus.
* BEHERAKOAN: Jaitsieran. Al descender, durante el descenso. Pendent la descente.
* BERRERAIKETA: Berreraikuntza. Reconstrucción. Reconstruction.
* EUROPAREN ERDIALDEKOTZAT ZEUKAN BERE BURUA: Se consideraba Centro Europa. Se considérait Europe central.
* EZ BEZALA: A diferencia de. Contrairement à.
* HARRIZTATUTA: Empedrado/a. Pavé/a.
* IKUSKIZUN: Ikusgarria. Espectáculo. Spectacle.
* ITSASBAZTER: Costa. Littoral.
* ITZULINGURU: Rodeo. Détour.
* JASAN: Pairatu. Padecer. Supporter.
* JASO: Altxatu. Construir. Construire.
* JENDAURREKO MUSIKA: Zuzeneko musika. Música en directo. Musique en direct.
* JORI: Emankorra. Fructífero/a. Fertile.
* KAIDUN: Portuario. Avec port, portuaire.
* KOZKORRAGO: Handiagoa. Mayor. Plus grand/e.
* LASTARGI: Antorcha. Torche.
* LURRAZPIKO AMILDEGI: Abismo subterráneo. Gouffre.
* LURRIKARA: Terremoto. Tremblement de terre.
* LUZERAKO DUTE: Falta mucho tiempo. Il reste beaucoup de temps.
* MUINO: Colina. Colline.
* OINEZKO: Peatón/a. Piéton/ne.
* ONDO ASKO: Ondo aski. Muy bien, claramente. Très clairement.
* UGARI: Asko. Mucho/a. Beaucoup.
* UR LASTER: Aguas bravas. Eaux vives.
* ZINTZUR: Garganta. Gorge.

2 comentarios:

  1. Este comentario ha sido eliminado por el autor.

    ResponderEliminar
  2. VENEZIA, VENEXIA

    Iraganean, Venezia (Italieraz: Venezia, venezieraz: Venexia), errepublika independentea izan arren, gaur egun Italiako ipar-ekialdean urez inguratuta dagoen hiria da; Venetoko erregimeneko hiriburua. Hala ere, bere iraganeko aberastasuna mantentzen jakin izan du.

    Veneziako mapa hartzen badugu, konturatuko gara Veneziak arrain bat ematen duela, urez eta uharteez inguratutakoa. 118 uhartez osatuta, Venezia urmael zingiratsu batean zehar zabaltzen da Adriatiko itsasoraino. “Kanalen hiria” izenez da ezaguna. Veneziak guztira 177 kanal eta 455 zubi ditu. Eta, hala ere, sarritan, ez dira nahikoa izaten; udaberrian eta udazkenean, marea biziek kaleak urpean hartzen dituztenean, batez ere. Venezian autorik ez dago. Autoen ordez txalupak (gondolak) eta autobusek ordez baporetoak (Vaporetto) daude. Zoragarria da autoak ez ikustea, baita ez entzutea ere!.

    Veneziak sekretu bat dauka ezkutatuta. Bere erdigunean Italiako baso trinkiena topatu dezakegu, milioika eta milioika zuhaitzen enborra erabili zelako Veneziako zimentuak eraikitzeko. Zaila egiten zait ikus ahal diren gauza guztien zerrenda egitea, hainbeste dago ikusteko! Baina guztiak: jauregiak, marmolezko eraikinak, enparantzak..., lokatzetik “irten” egin dira; San Marco-ko Basilika, Ponte Rialto zubia, Ducaleko jauregia, Suspiroen zubia, Palazzo Grassi eta Accademiako zubia, besteak beste.

    Hala ere, niri gehien gustatzen zaidana da monumentu tipikoak alde batera utzi eta bertako kaleen galtzea, Venezia ikustea “esperientzia estetika” besterik ez delako. Ez da ezagutzeko hiri bat, sentitzeko baizik. Sentitzeko, bai oinekin, bai belarriekin, bai ahoarekin, baita begiekin ere; bertako sukaldaritza eta artearen zaporea dastatzeko, bere historia usaintzeko, bere olatuen marmarrak eta hiriko soinuak entzuteko.

    Seguru nago ez dagoela ikusteko Venezia bezain leku politagorik; polita ez ezik, ederra eta izugarria ere bada eta. Ikusteko baino gehiago, nork bere burua eramaten uzteko hiria da, Veneziak lilura berezia dauka eta. Baina, kontuz ibili!, Venezia behin ikusiz gero, bere magiak betiko hautsiko baitizu bihotza.

    ResponderEliminar